Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-01-2015




OSASUNA: Lo egizu entrenatzeko

OSASUNA: Lo egizu entrenatzeko

ITURRIA: Sportlife
Ohera joateko garaia inoiz aurkitzen ez duen horietakoa al zara? Horixe gertatzen zaizu ez dakizulako loak eta ondo lo egiteak zuregatik eta zure kirolarengatik egin dezakeena; jakin ezazu kirolariaren “osagarri” onenak zure errendimenduarekin egiten duena!

Paradisuko toki batean zaude, lasai, izadiaz gozatuz, teknologia berririk, zaratarik, estresik eta zure bakea oztopatzen duen ezer gabe, eta bat-batean hondoan entzuten duzu gero eta ozenago den txistualdi bat, konturatu eta gogoratzen zaren arte eguna urratu behar duzula, eta hain justu ere gustura eta harmoniarik handienean zeundenean esnatzen zara. Nori ez zaio inoiz horrelakorik gertatu? Zenbat aldiz nahi izan dugu une hori 5, 10 edo 100 minutu gehiago luzatu? Zientifikoki, atsedena osagairik garrantzitsuenetarikoa da geure egunerokotasunean eta kirolean mailarik egokienean errenditu ahal izan dezagun. Zenbat aldiz entzuten diegu atleten, kirolari profesionalen, etabarren entrenatzaileei kexaka, beren pupiloek ez dutelako nahi izango zuten atsedena eduki, hain justu ere horrexeri egozten baitiote beren kirol “porrota”. 

Artikulu honetan lagunduko dizugu zeure helburuak lortzen eta amestu duzun errendimendua handitzeko gakoak emango dizkizugu, hain justu ere. Luzaroan pentsatu zen loa burmuinak bere jarduera murrizten zuen prozesu pasibo bat zela. Hala ere, azken hamarkadetan loaldian burmuinak duen jarduerari buruz egin diren hainbat ikerketak frogatzen dute hori ez dela horrela. Loa prozesu aktibo eta nahitaezkoa da, zeinetan burmuinak funtzio psikologiko eta fisiologikoak egiten jarraitzen baitu. Daukan garrantziaz jabe zaitezten, 90 urte izateko 30 igaro beharko ditugu lo eginez. Askori denbora galtze bat iruditu arren, kontrakoa da hain zuzen ere, 30 urte horiengatik ez balitz, sekula ezin izango ginatekeen guztizko 90 urte horietara iritsi. Hondartzez, festez edo loteria egokitzeaz mundua kurritzeko yate bat erosten dugula amets egiten dugun bitartean, gure “altuera”ren zati bat berreskuratzen dugu. Etzaterakoan, jarrera horizontalak ornoen arteko diskoen gaineko presioa askatzen du, eta horren bidez beren lodieraren parte bat berreskuratzen dute. Sinesten ez baduzu, neur ezazu zeure burua esnatu berritan eta oheratu aurretik. Egiaztatu ahalko duzu goizean altuera handiagoa zela. Gainera, gure artikulazioek atseden hartzen dute eta gorputzaren pisuak berengan egiten duen presiotik erlaxatzen dira. Loaldian hazkundearen hormona ospetsua isurtzen dugu, muskuluen eta gorputzaren hazkundea egiten duena, besteak beste. 

Horregatik, muskulua irabazten saiatzen ari garenean da hain garrantzitsua serio hartzea gure atsedena eta jakitea entrenatzea garrantzitsua dela, baina ez atseden hartzea eta ondo elikatzea baino gehiago. Loaldiko atsedenak gure sistema immunologikoa indartzen du. Lo gauden bitartean gorputzak interleuzina deritzan substantzia bat jariatzen du, eta hark antigorputzak sustatzen ditu eta sistema immunitarioa estimulatzen du. Zirkulazio-sistema da onuradunetako beste bat. Arterien presioa jaisterakoan, bihotzak bere bihotzeko gastua murrizten du, eta halaxe askatzen du egunaren barruan egiten duen lanaren zati batetik. Begiek azkura ematen badizute, edota haiei zabalik eustea kosta bazaizu, ez zaitez gehiago ahalegindu eta lotara joan zaitez. Lo-faltak alterazioak sorrarazten ditu gure korneak babesten dituen malkoen mintzean, eta horrek zuzenean du eragina gure ikusmenean. Ikasten ari bazara, jakin behar duzu, Pensilvaniako Unibertsitatearen lan baten arabera, aurrez buruz ikasi duzun informazioa ondo ere ondo gordetzeko modurik onena dela ordubete edo bi orduko loaldi suspertzaile bat izatea. Baina hori bai, saia zaitez hori egiten ikasi ondorengo 5 orduetan, gainerantzean ez du gehiago balio. Artikulu honetan loaldi on bat izateko gakoak biltzen ditugu.

Gehiago itzuli