Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 10-10-2016

Prest dago Mintzalaguna egitasmoa

Prest dago Mintzalaguna egitasmoa


Mintzalaguna programa antolatu du Hondarribiko Udalak, laugarren urtez, Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean.

Hirian euskararen erabileran eragiteko helburua du programak. Konturatzerako euskaraz! leloa hautatu dute aurten. Joan den ikasturtean, ia 80 parte hartzaile erakarri zituen.

Euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzen ditu Mintzalaguna egitasmoak, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko asmoz.

Ondoko proposamena luzatu du Arantxa Berrotaran Euskara arloko ordezkariak: “Astean ordubetez beste pertsona batekin elkartzeko eta euskaraz aritzeko agendan tartetxo bat egin dezatela. Izan ere, esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker”.

Mintzalagunean parte hartzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzea, euskaltegian edo eskolan ikasitakoa erabiltzea, jende berria ezagutzea, seme-alabekin edo ilobekin hitz egin ahal izatea, beste batzuei guzti hori egiten laguntzea etab.

Dena den, parte hartzaile guztiek badute komuna den zerbait: aisialdiaz euskaraz gozatzen dute, eta arian-arian, lagun giro euskalduna sortzen dute. Bospasei laguneko taldeak osatzen dira Mintzalagunean, parte hartzaileen interesen eta ordutegien arabera.
 
Baldintzak eta izena emateko bideak
Programan parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea.
Izen-ematea urriaren 4tik 14ra egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak izen-emate fitxa bete eta entregatu dezake.

Lau aukera daude: 
Postaz bidal lezake: Hondarribiko Udala, Euskara Zerbitzua Kale Nagusia 20 20280 Hondarribia.
Euskara Zerbitzura ekar lezake. Ordutegia: 9:30-11:30. 
E-postaz bidali: mintzalaguna@hondarribia.eus.
Internet bidez: http://blogak.eus/mintzalaguna_hondarribia.
Informazio gehiago:  www.mintzalaguna.eus.

leer más itzuli