Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 13-11-2019

Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana ahobatez onartu zuen atzoko Plenoak

Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana ahobatez onartu zuen atzoko Plenoak


Bi ordu t’erdi iraun zuen urriko Osoko Bilkurak ahobatez onartu zuen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP), baita beronen inguruko ituna ere.

Bi ordu t’erdi iraun zuen urriko Osoko Bilkurak ahobatez onartu zuen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP), baita beronen inguruko ituna ere. Denen aldeko botuekin aurrera egin zuen ere EH BILDUk aurkeztutako mozioa, “Itsasoa, ondarea eta euskara. Enrike Lekuona” beka sortzeari buruz.

2. eta 3. puntuetan, EAJ, PSE-EE eta EH BILDUren aldeko bozkekin, bi gai atera ziren aurrera. Bata, Gobernu Taldeko kide baten dedikazio partziala onartzeko proposamena, eta bestea EH BILDU eta PSE-EE udal taldeak aurkezturikoa, alderdi bakoitzeko zinegotzi bana partzialki liberatzeko. ABOTSANITZ-ek ez zuen parte hartu botaketetan.
EAJ, PSE-EE eta EH BILDUren baietzarekin eta ABOTSANITZen abstentzioarekin aurrera atera zen ondasun higiezinen gaineko zergaren kuotak zehazteko oinarrizko elementuak arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzeko proposamena.
Familia ugarien aldeko zergari buruzko hobariei buruzkoak eta bigarren erabilerako etxebizitzen ondasun higiezinen gaineko errekargua aplikatzeari buruzko salbuespenari buruzkoak dira.

Partehartze handiko Mugikortasun Plana
9. puntuan Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana onartu zen. “Oso balio handiko egitasmoa da. Etorkizun hurbilean, ertainean eta epe luzera Hondarribia mugikortasunetik ikusita nolakoa izango den jakiteko ezinbesteko tresna izango da. Benetan eskertu egin nahi dut plan hau egiteko egin diran Mugikortasun Mahaiko hainbat saiotan parte hartu duten guztiei. Denok aberasten gaituen esperientzia da” esan zuen Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, egitasmoaren xehetasun guztiak eman zituenean.  

Beste puntu interesgarri bat EH BILDUk aurkeztutako “Itsasoa, ondarea eta euskara. Enrike Lekuona” beka sortzeari buruzko mozioa izan zen. Denek alde bozkatu zuten, eta bekaren koordinazioa eta abian jartzea ARMA PLAZA Fundaziotik eramatea adostu zen.
EH BILDU eta ABOTSANITZ-ek batera landutako beste mozio batean, eskatu zen Udalak parte hartze prozesua abia dezala eragileekin eta herritarrekin, Mariñel itsasontzia kultura-ondarea edo monumentu gisa izendatu behar ote den hausnartzeko eta, hala balegokio, deklarazio-espedientea egiteko. Gainera, urteroko aurrekontuetan diru partida bat erreserbatzea adostu zen. Denek alde bozkatu zuten.

Jarraian, ABOTSANITZek aurkeztutako informazio eskubidea urratzeari buruzko mozioa jorratu zen. EAJ aurkeztutako beste bat onartu zen, non Udal Idazkaritzari eskatzen zaion jarraibide-sorta bat idatzi eta udal talde politikoekin eta departamentuekin partekatzea. Ahalik eta epe laburrenean egitea eta baliabideak jartzea ere gehitu zen. Denek alde bozkatu zuten, PSE-EEren abstentzioa izan ezik.

Azkenik, EH-BILDUk aurkeztuta, hondartzetako sorospen zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzeko eskaerari eta klima aldaketa gerarazteko konpromiso zehatzak hartzeari buruzko mozioak eztabaidatu ziren.

leer más itzuli