Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 14-01-2020

Plenoak Zaldunborda Gainan jarduera ekonomikoak sustatzeko proposamena onartu zuen

Plenoak Zaldunborda Gainan jarduera ekonomikoak sustatzeko proposamena onartu zuen


EAJ alde, eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDU aurka agertu ziren.

Ordu eta hiru laurden iraun zuen atzo Zaldunborda Gaina protagonista nagusi izan zuen Ezohiko Osoko Bilkurak. Goraino bete zen areto nagusia, oposizioko alderdi diren ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDUk sustatutako plenoa jarraitzeko. Azkenean, hauek aurkeztutako proposamena ez zen onartua izan, eta bai ordea EAJ-k aurkeztutakoa, non Zaldunborda Gaina eremuan jarduera ekonomikoak sustatzeko, lanpostuen sorrera bultzatzeko eta kutsatutako atala garbitzeko planteamendua positibotzat jotzen den.

Gaur goizez Txomin Sagarzazu Alkateak balorazioa eman du. “Udalak arduraz, zuzen eta zilegitasun demokratikoz jokatu du Zaldunborda Gainako jarduera ekonomikoak sustatzea erabaki duenean. 2.017ko ekainean onartu zen Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko determinazioetan jaso zen gune eremu honetan jarduera ekonomikoa egitea, 4. mailako merkataritza jarduerak barne hartzen zituela. Halere Udalak argi dauka industria aldetik garapena Zubieta Urdanibian izan behar duela, baina ez da erreza izaten ari”.

“Hondarribiak dituen ezaugarri geografiko eta orografikoengatik ezin du lur eremu gehiegirik eskaini jarduera ekonomiko-industrialak garatzeko, eta hau aukera erreal bat dela uste dugu. Hondarribiko Udalaren eskumenekoa da Hondarribiaren planeamendua egitea, Irungo edo Oiartzungo Udalen eskumenekoa den bezalaxe Irungo edo Oiartzungo hiri-planeamendua egitea. Udal autonomiaren erakusgarri da kasu guztietan, eta Hondarribiak ez die inoiz Iruni edo Oiartzuni esan nolako hiri-planeamendua zehaztu behar duten, nahiz eta denok jakin hainbat eragin nabarmen izan dituztela auzoko hirien erabakiek. Oraingoan berriz guri esaten ari zaigu Hondarribiko udalerrian zer egin dezakegun eta zer ez” gehitu du Sagarzazuk.
 
“Aste honetan bertan Udalak eraginik gabe utzi du ekainaren 26ko 1134 zenbakiko Alkatetza Dekretuan ezarritako ebazpenak. Orain, enpresa sustatzaileak erabaki behar du Plan Partzial berria egitea edota erresoluzioa inpugnatzea. Udala ez da proiektu honen sustatzailea” gehitu du Udalak.

Osoko bilkura jendetsua
Lehenik eta behin sortu berria den Amuitz Hondarribiko Dendarien Elkarteko ordezkari den Sonia Hercek hitza hartu zuen, “bertako komertzio eta ostalaritzarako katastrofea izango da, inpertsonala da eta herria basamortu bihurtuko du”. Jarraian, Zaldunborda Geratu plataformako Silvino Diazek gehitu zuenez, “proiektua erabat geratu behar dugu. Hiritarren interesetik urrun dago eta trafiko, natura zein komertzio txikiaren ikuspuntutik, oso proiektu txarra da”.

ABOTSANITZek esan zuenez, “bakarrik Hondarribiko EAJ dago proiektu honen alde. Lau urte ondoren lehen aldia da publikoki gai honen inguruan ari garela eta hori oposizioari esker izan da. Udalaren azken erabakiaren ondoren, orain ekainaren 27ko legedi berriarekin aritu behar da proiektu hau, eta herriko merkatariekin adostu beharreko zerbait da”.

PSE-EEk proiektua “arrazoizkoa ez dela” esan zuen. “Ez zaigu gustatzen nola onartu zen bere garaian, eta bertako komertzioa gehiago indartu behar dela uste dugu, eta ez Zaldunbordan egin nahi den eraikin erraldoi eta pertsonalitaterik gabeko hura”.

EH BILDUk “megaoutlet-ak denda txiki asko desagertaraziko dituela” esan zuen. “Natura ikuspuntutik onartezina da proiektua, eta agerikoa da pertsonentzat zein gunearentzat oso kaltegarria izango dela. Horregatik ozen esaten dugu Zaldunborda Geratu”.

EAJren aurkako bozkekin, eta ABOTSANITZ, PSE eta EH BILDUren aldekoekin, ez zen onartu lehen proposamena, establezimendu komertzial handien lurralde antolamenduari buruzko lege berria betearaztea, eta Zaldunborda Gainari buruzko izapide guztiak bertan behera eskatzen zuena.

leer más itzuli