Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-03-2015




Kirolarien bat-bateko heriotza saihesteko gakoak

Kirolarien bat-bateko heriotza saihesteko gakoak

ITURRIA: Sportlife
Nola saihestu kirolarien bat-bateko heriotza

Hemen dituzu kirol jarduerarekin lotutako bat-bateko heriotza saihesteko gakoak.
  • 1. Saihestu bat-bateko tenperatura-aldaketak. Ariketa fisikoa egitean beroak edo hotzak arritmia larriak eragin ditzakete.
  • 2. Zaindu erritmo aldaketak. Serieak, fartlekak, aldizkako ariketak, eta abar, beharrezkoak dira ia kirol aerobiko guztietan hobetzeko,baina ez dira egin behar aldez aurretiko ezagutzarik gabe.Tenisean, saskibaloian, futbolean eta zenbait minutuan jokatu gabe egon zaitezkeen antzeko kiroletan, ez gelditu bat-batean eta ez utzi gorputzari hozten.
  • 3. Berotzeko ariketekin hasi eta hoztekoekin amaitu. Gauza jakina bada ere, oso kirolari gutxik egiten ditu ariketok, batez ere astirik ez dugunean.
  • 4. Arretaz motibatu. Adrenalina arma ahaltsua da. Haren eraginez, ama lepoan hartuta mendi gailurreraino iristeko gauza izan zaitezke behar izanez gero, baina bat-bateko heriotza izateko arriskua areagotzen du. Bat-bateko heriotza gehienak maratoiak egitean izaten dira; izan ere, historian ezagutzen den lehen bat-bateko heriotza Filipides soldadu grekoarena da; erregearen garaipenaren berri emateko, Maraton eta Atenas hirien arteko 42,195 km korrika egin ondoren ahituta hil zen hura. Gogoan izan lehiaketan jokoan dagoena zure bizitza dela eta inoiz ez zure ohorea.
  • 5. Kontuz gai bizigarriekin. Kafeina, anfetamina eta antzeko botikak, efedrina daukaten asmaren kontrako botikak, eta abar, sistema kardiobaskularra nabarmen susperrarazten dute, adrenalinaren antzeko eragina dute eta arritmiak sorraraz ditzakete.Kafeinarekiko tolerantzia desberdina da pertsonaren arabera. Zenbait kirolariengan te batek palpitazioak eragin ditzake eta beste batzuengan, ordea, kafeinadun pilulak goxokiak balira bezala har ditzakete, baina ezin zara inoiz fidatu. Kafe katilukada batek topera korrika egiteko ahalmena eman diezazuke, baina, era berean, zure bihotza geldiaraz dezake.
  • 6. Errespetatu digestioa. Belaunaldi jakin bateko pertsona askok, digestioa egin arte ordubete edo bi itxaron izan behar dugu, kirola egin aurretik, batez ere uretan. Denek ez dute aholku hori betetzen, digestioa prozesu aldakorra baita. Batzuk, paella jan eta berehala korrika egiteko gauza dira eta beste batzuek 3 ordu itxaron behar izaten dute, janari arina hartu eta gero kirola egin ahal izateko. Gauza bat argi dago: digestioa prozesu aktiboa da eta prozesu hori osatzeko odol-emari handia behar da urdailean eta hesteetan eta horren ondorioz, muskuluetara eta garunetara iristen den oxigeno-kopurua eta energia murriztu egiten dira. Horregatik, digestio astunak logura ematen du; defentsa-mekanismo naturala da, atsedena hartuta, digestio-sistemak lasai lan egin dezan.Prozesu hori errespetatzen ez badugu, jakina, normalena botaka egitea da esfortzua egitean, eta egoera hori oso arriskutsua izan daiteke uretako kiroletan. Eta are gehiago ura hotza dagoenean, zeren egoera horretan arritmiak agertzeko aukera areagotu egiten baita.
  • 7. Adi altitudearekin. Mendia garaiagoa den heinean, aireak oxigeno gutxiago dago eta muskuluetara ez da behar beste oxigeno iristen. Bihotzaren erritmoa bizitu egiten da, oxigeno falta konpentsatzeko, baina baldintza okerretan lan egiten du, zeren mendiko airea hotzagoa eta lehorragoa izan ohi baita. Horrez gain, ariketa fisikoaren ondoriozko deshidratazioa kontuan hartzen badugu, mendia hilgarria izan daiteke. Arriskuak murrizteko, altitudeari egokitu beharra daukazu zenbait egunean, mendizale adituek egin ohi duten bezala.
  • 8. Hidratatu beti. Deshidratazioa areagotu egiten da, ariketa fisikoaren ondorioz isurtzen den izerdiaren eraginez. Izerdia isurtzean, ura galtzeaz gain, mineralak ere galtzen ditugu, eta mineral horietako batzuk oso garrantzitsuak dira muskuluen uzkurdura erregulatzeko. Horregatik, ohikoa izaten da, muturreko ariketa fisikoak egin ostean, karranpak izatea. Bihotza ere muskulua da; beraz, deshidratazioaren ondorioz arritmiak sor daitezke edo bat-bateko heriotza gerta daiteke.Horrelakoak saihesteko, hidratazio egokia egin behar duzu, mineraldun ura edanez, ariketa fisikoa egitean, egin baino lehen eta egin eta gero.
  • 9. Ahal baduzu, ez izan “igandeetako kirolaria". Noizbehinkako edo asteburuetako kirolariek bat-bateko heriotza pairatzeko duten arriskua ohiko kirolariena baino 10 aldiz handiagoa da. Hori saihesteko erarik onena astean 4-6 aldiz kirola egitea da.
  • 10. Kirolerako azterketa medikoa egin urtean behin. Zalantzarik gabe, bat-bateko heriotza saihesteko erarik onena da. Zure gorputza ezagutzen baduzu, hobeto entrenatzeaz gain, emaitza hobeak lortuko dituzu eta, halaber, kirolak eragin ditzakeen arriskuak saihesten dituzu.

Gehiago itzuli