Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-03-2015




Guraso kirolari guztiok ditugun zalantzak

Guraso kirolari guztiok ditugun zalantzak

ITURRIA: Sportlife

Kirola egitegak atzeratu egiten al du umearen hazkuntza? Nire umeak zergatik galtzen du beti? Zer gosaldu behar du umeak lehiaketa baten aurretik? Artikulu honetan, guraso kirolariok ditugun zalantza guztiak argituko dizkizuegu.

 Zein taupada-tartean aritu behar da ume bat seguru entrenatzeko?
Zure umeari pultsometroa ipintzen badiozu... Ez beldurtu! Umeen taupada-kopurua, helduena baino handiagoa da. Oro har, 12 urte baino gutxiago duen ume baten gehienezko bihotz-maiztasuna 200 taupada minutuko izan ohi da. Pultsometroa erabiltzea baino hobe da zentzuz jokatzea. Gehiegi sufritzen ari dela konturatzen bazara, esan umeari gelditzeko eta aztertu zailtasun horren arrazoia sendagilearekin batera. Bere buruari gehiegi eskatzen egon daiteke, edo, agian, arazo fisikoren bat izan dezake.

Kirola egiteak hazkuntza moteltzen al du?
Ume osasuntsua mailaka hazten da, baina mailarik garrantzitsuena 14 urte inguru dituenean gertatzen dena da, jendeak “gorakada” deitzen dion hori, hain zuzen. Kirola egiteak ez du hazkuntza-gailur hori mugatzen, ez bizkortzen ezta moteltzen ere. Gure seme-alabek genetikan idatzita dute euren garaiera. Kirolak gorputz konpentsatuagoa izaten lagunduko die; orekatuagoak eta bizkorragoak izango dira eta bizitza osasuntsuagoa izango dute, baina altuerari dagokionez, kirola egiteak ez du gauza handirik lagunduko. Geneak dira nagusi!

Eta neskatoen lehenbiziko hilekoa atzeratu egiten al da kirola egiteagatik?
Bai, ikerketa batzuen arabera, kirola egiten duten nesken menarkia (lehenbiziko hilekoa), batez beste, urtebete atzeratzen da. Atzerapen horren arrazoia, ziurrenik,  gorputz gantzaren ehuneko txikiagoa edukitzeagatik izan daiteke, zeren lehenbiziko hilekoa izaten dutenean neskek %17 izan ohi dute. Hala ere, faktore genetikoak eta ingurunekoak ere eragina dute, besteak beste, estresa, gehiegi entrenatzea edota dietak.

Nire umeak zergatik galtzen du beti?
11-12 urteko mutikoengan sortu ohi den gertaera da.Ahaleginak ahalegin, ezin dute irabazi. Ez gehiegi kezkatu! Seguruenik, oraindik ez dute adin bereko beste mutikoen errendimendu berbera lortzeko behar adinako heldutasun biologikoa garatu. Ikerketen arabera, hezurren adina adin kronologikoa baino garrantzitsuagoa da; beraz, altuagoak diren neska-mutilek eta muskulu-masa handiagoa eta bihotz-bolumen handiago dutenek indar muskular eta erresistentzia aerobiko handiagoak izango dituzte eta oraindik atalase egokira iritsi ez den zure umea baino hobeto egokituko dira kirola egitera.  

Gosari berezia hartu behar al du energia aldetik futbolean, saskibaloian edo korrikan aritu baino lehen?
Erabat alderantziz. Kontua ez da tanga bete esne eta poltsa-erdi zereal ematea. Gosari arina hartu behar du eta lehiaketa hasi baino 90 minutu lehenago (hobe litzateke, bi ordu lehenago gosaltzea, baina kontuan hartu behar da, askotan, lehiaketa oso goiz hasten dela). Lehiaketa hasi baino ordubete lehenago gose bada, onena fruta, jogurta, fruitu lehorrak edo zereal-barratxoa ematea da.

Gehiago itzuli