Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-03-2016




Taldean korrika egitea

Taldean korrika egitea

ITURRIA: Sportlife
Ez galdu aukera hau eta aprobetxatu itzazu taldean korrika egiteak dituen abantailak, trikimailu eta aholku hauekin arazoak konponduz.

Pertsona gehiagorekin entrenatzeak modu desberdin batean lan egiteko balio du, entrenamenduak askotarikoak/mota ezberdinetakoak/ezberdinak izatea ahalbidetzen du, eta burua argitzen du bakarkako lasterketei hobeto aurre egiteko. Gure entrenamenduei originaltasun ukitu bat emateko balioko du, ariketa desberdin eta kalitatekoekin. Taldean korrika egin ahal izateko hainbat korrikalarik ados jarri behar dute, eta gutxienez astean behin elkartu behar dira, eta gehienez hiru (txandakako egunak). Aproposena litzateke ia edozein hiritan aurki ditzakezun egituratutako talde horietakoren batean izena ematea; baina auzoko beste korrikalari batzuekin ere elkar daiteke, eta pixkanaka-pixkanaka taldea handitzen joan. 

Maila guztietako korrikalari talde ugari zuzendu ditut urte askoz, eta ziurtasun osoz esan diezazueket bizi dituzten momentu eta eboluzioa oso aberasgarriak izan direla, ez soilik kirol eremuan, baita sozio-afektiboan ere. Leonen, nahiz eta hiri txikia izan, hiru entrenamendu talde egituratu ditugu. Beraiekin egin ditugu artikulu honetako argazkiak.

GARRANTZITSUA: ezinezkoa da taldean entrenatzen dutenek maila bera izatea eta beti egokitu beharko dira entrenamenduak, ahal den neurrian, guztiak eroso sentitu daitezen eta ez dadin gehiago edo gutxiago lan egin. Hasiera batean zaila dirudien zeregin hau, oso erraza izango da gidatzen gaituena, esperientzia eta ezagutza handiko entrenatzailea bada. 

ALDERATU
Bakarka korrika egitea:
- Indibidualismoa handitzen laguntzen du 
- Norbanakoaren sakrifizio gaitasuna handitzen du 
- Norberaren babes eta motibazioa besterik ez dago 
- Askotan aspergarria da
- Entrenamenduak monotonoak dira

Taldean korrika egitea:
- Faktore soziala garatzen du
- Sendotasuna sortzen du, taldean nahiz indibidualki
- Adiskideen babesa eta animoak izaten dira
- Saioak eta entrenamenduak ugariak dira 
- Oso dibertigarria da

Taldean egiteko entrenamenduak

ERRODAJEAK
Distantzia ertain eta gehiegizko zailtasunik gabeak erritmo bare, eroso eta atsegin batean egitean datza. 
Abantailak:
Denbora pilatzea ahalbidetzen dute, konturatu gabe hizketan aritu eta lasterketetako “batailen” inguruan jardun baitezakegu kilometroak pilatzen ditugun bitartean. 
Desabantailak:
Zaila da guztientzako erritmo eroso batean korrika egitea. 
Aholkuak:
Tarteko erritmo bat jarraitu, ez oso gogorra ezta oso arina ere; eta utzi “lehiak” azken txanparako soilik. Gehien korrika egiten dutenek orduan izango dute beren ordaina hartzeko aukera. Nahi izanez gero, korrikalari azkarrenek ibilbideko hainbat tartetan bueltak eman ditzakete gainerakoei abantaila emateko. Hori egiteko aukera ez badago, aurrera doazenei bizkarra emanez korrika itzuli daitezke. 

SERIEAK
Hainbat distantzia ezartzean datza, horiek azkar eginez abiadura hobetzeko.
Abantailak:
Serieak dibertigarriak dira eta korrikalariak motibatzen ditu. Korrikalariek hobeto egiten dituzte serieak taldean bakarka baino.
Desabantailak:
Distantzia berarekiko zaila da indarberritzeko denborak neurtzea, denentzako berdinak izan daitezen. 
Aholkuak:
Serie zehatz bat egiten denean, saiatuko gara korrikalari guztiak denbora berean hasi eta gelditzea. Ondorioz, taldeko lehenak distantzia bat burutzen duenean, beste guztiak ere gelditu egin beharko dira. Modu  horretan, esfortzua baliokidea izango da guztientzat. 

INDAR ETA TONIFIKAZIO-ARIKETAK 
Adiskide baten euskarri edo erresistentziaren bidez, gihar-talde desberdinak indartzeko modu desberdin eta ugariak dira. 
Abantailak:
Ariketak eginez barre egin daiteke, eta posizio oso desberdinak egin daitezke, bakarka egiteko jasanezinak izango liratekeenak. 
Desabantailak:
Batzuetan korrikalarien arteko hizketaldiek eragina dute kontzentrazioan.
Aholkuak:
Saiatu ariketak zuen tamaina eta pisu bereko pertsonekin egiten, desorekatuta ez geratzeko. 

LASTERKETAKO TEKNIKA 
Lerroka jarrita eta 2-5 pertsonako taldeetan distantzia zehatza burutzen dugu ariketa tekniko desberdinak eginez (belaunak gora, orpoak ipurdira, hirukoitzeko bigarren jauziak...). Alboetatik itzultzen gara gure atzetik datozenak ez oztopatzeko. 
Abantailak:
Ariketak gidatuta daude eta modu jarraian eta seriean egiten dira, irakaslearen eta gure adiskideen gainbegiratze iraunkorra ahalbidetuz. Horrela, gure hutsune posibleak eta ariketa bat egitean egin ditzakegun akatsak zuzendu ditzakegu. Hori ez dugu egingo bakarka korrika egiten badugu.
Desabantailak:
Korrikalarietakoren batek ondo ez egiteak lotsa eman diezaioke, nahikoa koordinazio ez edukitzeagatik. 
Aholkuak:
Adiskideak behatzea beraien akatsez ohartzeko eta, horrela, geureak kontuan hartu ahal izateko, barneratuz eta kontziente eginez.  

LEHIAKETAK TALDEAN 
Lasterketa batetara ekipamendu berberarekin eta entrenamendu taldearen izena defendatzen joatean datza. 
Abantailak:
Lasterketan bakarrik ez sentitzea ziurtatzen du, eta proba modu lasaiago batean burutzea ahalbidetzen du. Taldea animatu eta motibatu egingo da, eta lehiaketan bertan modu berezi batean lagunduko du, entrenamenduetan zehar sortutako adiskidetasun harremanei esker.
Desabantailak:
Gehiegizko lehia posibleak eta lekuz kanpokoak. 
Aholkuak:
Saiatu zaitezte antzeko erritmoa duzuen adiskideak elkartzen, ibilbidearen zati bat beraiekin egiteko; baina kontuan hartu beti bakoitzak bere lasterketa egin behar duela eta inork ez diola inori itxaron behar. Hori entrenamenduetan soilik justifika daiteke, baina ez lehiaketan. 

LUZAKETAK
Ohiko luzatze guztiak egingo dira, baina horiek egiteko denbora batzuk finkatuko dira, denek batera egin ditzaten edo bereizirik modu lasaian hitz egiten den bitartean.
Abantailak:
Adiskideen laguntza eduki ahalko dugu besteen laguntza edo erresistentzia eskatzen dituzten luzaketak zailak egiteko
Desabantailak:
Ez badira zuzen egiten, lesionatu egin gintezke.
Aholkuak:
Denok batera luzatzeko errutina bera jarraitzea, horrela, hitz egiten arreta gal ez dezagun eta luzaketak alde batera utz ez ditzagun. 

Gehiago itzuli