Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-11-2016




Hilerokoak kirol errendimenduan eragina du?

Hilerokoak kirol errendimenduan eragina du?

ITURRIA: Sportlife
Hilerokoak “jokoz kanpo” uzten zaitu lehiaketan? Zikloko zein egunetan hobetzen da zure errendimendua? Noizbait zure bururi egin dizkiozun galdera hauei erantzuten laguntzen dizugu. 

"Nire kideei huts egin diet… Atzo hilerokoa etorri zitzaidan eta gaur bereziki nekatua sentitzen naiz. Baina ez da aitzakia, ez dut nahikoa ongi igeri egin” esan zuen Fu Yuanhui igerilari txinatarrak 4x100 txandakako lasterketa bukatzean Rio 2016ko igerilekuan.

Hark esandakoak mahaigainera ekarri zuen kultura askotan oraindik tabua izaten jarraitzen duen gai bat, gehiago oraindik kirolari dagokionean, emakumeok gure onena eman behar dugunean … eta gure gorputzak beti laguntzen ez digun horretan.

Lehen hilerokotik, emakume osasuntsuen gorputza hormonekin harremandutako hilabeteko zikloetatik igarotzen da. Hilerokoaren zikloak irauten dituen 28 egunetan zehar, batez beste, umetokia haurdunaldi posible baterako prestatzen da, baina burutzen ez bada odol-ateratzea edo hilerokoa agertzen da eta horrela modu errepikatuan.

Hormona mailen arabera, hilerokoaren zikloan etapa ezberdinak izaten dira. Hilerokoa amaitu bezain laster fase folikularra hasten da, estrogeno kantitate handia izaten da eta gorputz tenperatura 36º inguru izaten da. Zikloaren 14. egunaren inguruan, estrogenoak jaitsi egiten dira eta progesterona kontzentrazioa da igotzen dena gorputz tenperaturarekin batera, 37º inguruan kokatuz, fase hau fase luteoa bezala ezagutzen da.

Hormonen “gora-behera” honek emakume guztiei eragiten die eta kirolariak ez gara salbuespena. Kontuan hartzen badugu goi mailako errendimenduko emakumezko lehiaketariek bere lana burutzeko gorputzaren mende daudela %100ean, bere zikloko momentuaren arabera erantzuna ez dela izango beti beraiek nahiko luketena. Fu Yuanhui-k esan zuen bezala, ez da "aitzakia", baina bai errealitate bat.

Hilerokoaren aurreko fasean eta hilerokoaren fasean, gure gorputzak aldaketak izaten ditu, arnasketaren ekonomiaren jaitsiera esaterako, hemoglobina kontzentrazio baxuagoa edo gorputz-masa handiagoa (likidoen atxikipenagatik). Koordinazioa, arintasuna eta egonkortasuna alda daitezke. Prozesu hauek guztiek ez dute lehiaketan emaitza onak izateko mesederik egiten.

Sokolova-k boleibol talde batekin egindako ikerketaren arabera, jokalarien %85ak bere lan gaitasunen jaitsiera izan zuten hilerokoaren aurreko fasean eta hileroko fasean. Guijarrok burututako beste ikerketa batean, emakumezko futbolari espainiarrak balioztatzen zituena, emakumeek zikloaren fase honetan proba fisikoen eta hautemandako ahaleginaren artean korrelazio negatibo altua zegoela esaten zuten.

Hala ere, hilerokoaren aurreko fasean eta obulazio-ostekoan prozesu fisiologiko kontrajarriak gertatzen dira. Shajilinak ondorioztatzen duen bezala, hainbat ikerketa egin ondoren, fase hauetan emakumezko kirolariek lan gaitasun handiagoa dute orokorrean, ekonomia funtzional handiagoa eta berrindartzeko abiadura handiagoa izateaz gain.

Hori guztiagatik, garrantzitsua da zure entrenamendua programatzeko orduan zikloaren fasea kontuan izatea, nahiz eta egia den eliteko kirolariei dagokienean zaila dela %100 egokitzea, txapelketak baitira egutegia markatzen dutenak.

Emakumearen fisiologiak, neurri handi batean, eragin handia du kirolariaren erantzun fisikoan, baita psikologiakoan eta beraz, ez luke gai tabua izan behar.

Ez dira gure “irudipenak”: ziklo hormonalak kirol errendimenduan eragina du. Egokitu zure entrenamenduak ahal den neurrian, baina ez itsutu honekin eta ez eman buelta gehiegi, aldaketa horiek oso leunak izan daitezke eta errez gainditzekoak zikloaren momento guztietan entrenatzen ohitua bazaude (biziki gomendatzen dizut, hilerokoaren zein hilerokoaren aurreko sindromearen ondoezaren sintomak arintzen baititu). Nik Europako eta munduko dominak lortu ditut “hilerokoarekin”. Izan ere, lehiatzen zarenean, hain zaude kontzentratua egitekoan, zaila dela horretaz gogoratzea…komunera joateko beharra duzun arte. Eta hori ez da arazoa izaten, proba oso luzeetan lehian ari ez bazara behintzat, Ironman proba adibidez.

Ez utzi “ezin dut (nire marka hobetu, intentsitate handiagoz bota edo entrenamendu honetaz gozatu) hilerokoarekin nagoelako” ideiak menderatzen. Estereotipoak eta aurre-disposizio negatiboak gehiago eragiten diote errendimenduari hormonek baino, hala frogatzen du duela gutxi Frankfurt-eko Unibertsitateak eta Psychology of Sport and Exercise-k emakume futbolariekin egindako ikerlan batek. Emakumeak futbolean jolasteko potentzial gutxiago zutela esaten zuen artikulu faltsua irakurri ondoren, emakumeak motelagoak ziren eta driblatzeko gaitasun txikiagoa zuten.

Gehiago itzuli