Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-03-2018




10 pausutan nola trialtleta bihurtu

10 pausutan nola trialtleta bihurtu

ITURRIA: Sportlife
10 pauso kirol hirukoitzarekin ausart zaitezen, triatloia guztion eskura egon baitaiteke! 

Triatloia ez da gizon eta emakume gogor eta indartsuentzat bakarrik eginiko kirola. Triatloiak, beste kirolen antzera, ez du adinik, beste edozein kirol bezalakoa da, desberdintasun nagusia triatloia hiru diziplina desberdinek osatzen dutela izanik: igeriketak, txirrindularitzak eta korrikak. Hiru kirolak elkarren osagarri dira, hori dela eta, triatloietan parte hartzen duten kirolariek ez dituzte gihar desorekak pairatzen! Kirol hirukoitz honen profesional handienetako batek, Munduko Duatloi txapelketan bi aldiz txapeldun izandakoak eta bi aldiz Lanzaroteko Iron Man-a irabazitakoak, Victor Del Corral-ek kontatzen zigun bezala, kirol honekin hasteko beharrezkoa da pixkanakako egokitzapen bat egitea. Izan gaitezen zentzudun, kirolaria ez da egun batetik bestera osatzen. Del Corral-ek aipatzen digu ez dela inoiz astetik astera entrenamenduaren karga % 10etik gora areagotu behar, materialaren aukeraketa oso garrantzitsua dela, eta atsedena, entrenamenduaren antzera, sakratua dela. 

Entrenamendu zonen eta bide energetikoen kontzeptuak barneratu eta haien ezagutza sakona edukitzea oso garrantzitsua da. Adibidez, beti entrenamendu zona aerobiko berdinean entrenatzen baldin badugu, esfortzu luzeak egitera ohituko gara, baina potentzia falta sumatuko dugu erritmoz igo nahi baldin badugu. 

Teknika eta indarra lantzeak ere garrantzi handia izango du, baina garrantzitsuena helburu errealistak planteatzea izango da (lehen aldiz triatloi bat egitean pentsatzen ari baldin bazara, zure hobe beharrez ez ezazu Iron Man bat edo distantzia olinpiko bat duena egitean pentsatu, aukera eskuragarriagoak ere badituzu 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika eginez osatuak zenituzkeenak), presta zaitezen entrenamendu plan batzuk uzten dizkizugu hemen. Baina, batez ere, kirol hirukoitz honekin ongi moldatzeko gakoa, eskaintzen dizun magiaz gozatzea da! 

Hona hemen 10 gako triatloi eguna ongi irten dadin eta ezustekorik gerta ez dakizun: 
  • 1. Lehia aurretiazko egunetan, atseden har ezazu. Eta lehia aurreko egunean, zure giharrak aktiba itzazu: hiru diziplinak landu, 10 metroko esprint bat tartean duen igeriketa saio txiki bat eginez, abiatze indartsuren bat tartean duen 40 minutuko bizikleta saio bat eginez eta progresio motxeko 10 minutuko lasterketa bat eginez. 
  • 2. Lehia eguna: Lehiaketa hasi baino 2 ordu lehenago gosaldu ezazu.  Gosari arrunt  bat egin ezazu, baina esnekiak eta zuntza saihestuz.
  • 3. Proba tokira ordu eta erdi lehenago irits zaitez gutxienez, zure dortsala hartu eta trantsizio gunean beharrezko duzun material guztia prestatzeko. Dortsala hartu eta gune horretara sartu ahal izateko nortasun agiria aurkeztu beharko duzu, beraz, ez dezazula hura etxean ahaztu. 
  • 4. Dortsala daraman poltsa har ezazu, hark paperezko dortsal bat izan ohi du, bizikletarako beste bat, kaskoan ipintzeko beste bat, eta zenbakidun txano bat igeriketa saioan erabiliko dena. 
  • 5. Trantsizio gunean sartu aurretik zure bizikleta presta ezazu: dortsalaren pegatinetako bat zelaren euskarrian itsats ezazu, beste bat berriz, bizikleta-kaskoaren aurrealdean itsats ezazu. Guztia ongi dagoela ziurtatze aldera, pixka bat ibil zaitez bizikletan. Ziurtatzeko aukera emateaz gain, berotzeko ere balioko dizu. 
  • 6. Behin trantsizio gunera sartuta, zure bizikleta zure dortsalarentzat zehaztua dagoen tokian utz ezazu, bizikletan ibiltzeko zapatila egokiak utz itzazu (erabili behar baldin badituzu, behintzat), baita korrika egiteko zapatilak eta baita proban zehar erabiliko duzun beste material guztia ere. Paperezko dortsala, goma elastiko batekin lot iezaiozu zure gerriari, horrela, hura atzealdera begira eraman ahalko duzu txirrindularitza saioan, eta aurrera begira korrika saioan. Bizikleta kaskoaren ondoan utz ezazu, bizikleta hartzerako momentuan ez dezazun ahaztua utzi. Igeriketa saioan debekatua dago paperezko dortsala eramatea. 
  • 7. Trantsizio gunean utzi beharreko guztia utzi ondoren, igeriketa ataleko irteera gunera zuzendu zaitez, lehiaketa jantziarekin/bainujantziarekin, txanoarekin eta betaurrekoekin. Lehiaketa hasi aurretik uretan beroketa ariketa batzuk egin eta esprint txiki bat egitea komenigarria da. 
  • 8. Irteera puntuko epaileak seinalea eman eta lehia hasiko da, igeriketa saioan egin beharreko ibilbidea buia handien bidez seinalatua egongo da. Hori dela eta, noizean behinka burua uretatik atera eta aurrealdera begiratu beharko duzu buiak kokatu eta haien bidez orientatzeko. 
  • 9. Igeriketa saioa amaitu ondoren, bizikleta iritsi bitarte egin beharreko bidea aprobetxatu betaurrekoak eta igeriketa-txanoa kentzeko. Behin bizikletaren aurrean zaudela, jantzi itzazu zapatilak (bizikletarako bereziak direnak edo korrika egitekoak), goma elastikoari loturiko dortsala eta bizikleta-kaskoa. Har ezazu bizikleta eta joan zaitez korrika irteera boxetara hura eskuan duzula, bertara iristean, epaileek esango dizute non ahal duzun bizikleta gainera igo. Ez ahaztu dortsala atzeko aldetik ikusgarria izan behar dela. Guzti hori kontuan hartu ondoren, bizikleta saioarekin hasteko prest zaude. 
  • 10. Bizikleta atalarekin amaitu ondoren, bizikletatik jaitsi egin beharko duzu trantsizio gunean sartu aurretik, epaileek ere adieraziko dizute, eta bizikletarekin korrika joan beharko duzu zure kokalekura iritsi arte, non bizikleta utzi, kaskoa kendu (adi! Kaskoa kendu aurretik bizikleta jada utzia behar duzu), korrika egiteko zapatilak jantzi (bizikletan ibiltzeko desberdin batzuk erabili baldin badituzu behintzat), dortsala eusten duen goma biratu eta aurrealderantz zuzendu, eta jada korrika atalarekin hasteko prest zaude. Azken esfortzuaren ondoren, helmuga gurutzatuko duzu eta orduan denbora gelditu eta zure buruarekin kontent sentitzeko moduan egongo zara, jada triatleta izango baitzara! 

Gehiago itzuli