Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-03-2020




Zein da atsedenaldiko bihotz-maiztasun normala? Pertsona bakoitzaren araberakoa da

Zein da atsedenaldiko bihotz-maiztasun normala? Pertsona bakoitzaren araberakoa da

ITURRIA: Sportlife
2 urtetan zehar gauzaturiko ikerketa esanguratsu batek pertsona ezberdinen artean zein pertsona baten baitan aldaketa handiak aurkitu ditu jarduera eskumuturreko baten bidez atsedenaldiko bihotz-maiztasuna neurtzerako orduan.

Bihotz-maiztasuna, loa edo egunean zeharreko jarduera maila neurtzen dituen jarduera eskumuturreko bat eramatea oso ohikoa bihurtu da. Jarduera eskumuturreko edo erlojuak jasotzen dituen datu hauekin guztiekin ondo entrenatzen ari garen, atseden gehiago behar dugun, nahiko lo egiten dugun, edo azken entrenamendu gogorretik ondo indarberritu garen jakin dezakegu, besteak beste. Baina zientzialariak urrunago doaz, eta informazio hori guztia analizatzerakoan gure gorputza nola funtzionatzen duen hobeto ulertu dezakete eta baita gaixotasunak ekidin, modu orokor zein banakako batean.

AEB-tako 50 estatuetan 2 urtetan zehar jasotako 92457 pertsonen datuekin gauzaturiko ikerketa zabal baten emaitzak argitaratu berri dira. Parte hartu zutenek jarduera eskumuturrekoa jantzita eraman zuten egunean zehar gutxienez 20 orduetan, eta  astero gutxienez bi egunetan, 35 astetan zehar. Pertsona hauek beraien jarduera-eskumuturrekoaren datuak ikerketarako ematea onartu zuten, eta honela, egun bakoitzeko atsedenaldiko bihotz-maiztasunaren (ABM) 33 miloi datu jaso ziren. Emaitzen arabera, badirudi atsedenaldian bihotz-maiztasuna asko aldatzen dela pertsona batetik bestera, 70 taupada minutuko aldearekin, baina pertsona bakoitzaren batez besteko indibiduala nahiko egonkorra da epe luzean.

Zer adierazten du ABM-k osasunari dagokionez?
Pertsona baten atsedenaldiko bihotz-maiztasunaren (ABM) balio normalak nahiko zabalak dira, adin, sexual, sasoi fisiko, atseden, estres eta baita osagai genetiko baten araberakoak izanik. Beraz, asko aldatzen den balore bat da.

Balio altuenak, 100 T/min-tik gorakoak, arrisku kardiobaskular handiago batekin lotzen dira, baina baita 65 T/min azpitik daudenak ere. Adin ertaineko heldu txinatarrekin gauzaturiko ikerketa baten arabera, ABM baxu bat edukitzea gaixotasun kardiobaskular baten adierazle izan daiteke ere.

Gomendagarria da ABM goizean goiz neurtzea, ohean esnatu bezain laster. Neurketak bost egun jarraian egin behar dira, batez besteko atsedenaldiko bihotz-maiztasuna kalkulatzeko. Lortzen den balioa sasoi fisiko, adin eta sexuaren araberakoa da, eta beste faktore batzuk eragina izan dezakete, hala nola aurreko ariketatik indarberritzea, loaren kalitatea, eta estres mental maila.

ABM neurtzeko orduan, medikuek ez dituzte ia inoiz datuak erabateko atsedenaldian jasoko, jaikitzerakoan eta ohean. Beraz, lortutako datuak oso ezberdinak dira.

Egunean zehar bihotz-maiztasunaren sentsore bat izatearen abantaila datu zehatzagoak eduki eta analizatu ahal izatea da, honela gure bihotzak nola funtzionatzen duen hobeto ulertzeko.

Atsedenaldiko bihotz-maiztasunaren inguruan gauzaturiko ikerketa zabal honek jasotako datuen analisiaren arabera, gizabanako baten bihotz-maiztasun “normala” eta denboran zehar agertu eta potentzialki garrantzitsuak izan daitezkeen aldaketak zehaztasun handiago batekin identifikatu ahal izan dira.

Ikerketaren helburua gailu mugikorren bitartez bi urteetan zehar bildutako atsedenaldiko bihotz-maiztasunaren aldaketak deskribatzea izan da, bai pertsona baten baitan zein pertsonatik pertsonara. Atsedenaldiko bihotz-maiztasunaren aldaketak urteko momentuaren arabera eta adina, sexua, batez besteko loaren iraupena eta gorputz masaren indizea (GMI) bezalako faktoreen arabera aztertu dira.

Partaideen arteko ABM-ren eguneko aldakortasun tartea eta baita partaide bakoitzaren eguneko ABM-ren garapenean emandako epe luze eta laburreko aldaketak ere analizatu zituzten.

Ikerketaren emaitzak
  • Eguneko batez besteko BM 65 taupada minutukoa izan zen (T/min), pertsona guztien arteko tartea 40 eta 109 T/min izanik.
  • Batez besteko ABM modu esanguratsu batean aldatu zen adin, sexu, GMI eta loaren batez besteko iraupenaren arabera.
  • Urteko garaiaren araberako aldaketak ere ohartu ziren, ABM-ren minimoa ekainean izanik eta maximoa urtarrilean.
  • Parte-hartzaile gehienentzat, ABM nahiko egonkor mantendu zen epe laburrean, baina %20-ak gutxienez aste bat izan zuen non bere ABM-ak 10 T/min edo gehiagoko aldaketa izan zuen.
Ondorioak
Pertsona bakoitzak eguneko ABM balio normal eta berezko bat du, baina beste pertsona baten ABM normalarekin alderatuz oso desberdina izan daiteke. Bildutako datuek partaideen artean 70 T/min-rainoko aldaketak zeudela adierazi zuten.

Egileek honakoa komentatu dute:
“Atsedenaldiko bihotz-maiztasunean ematen diren eguneroko aldaketak benetakoa eta gizabanako bakoitzarena den lehendabiziko zeinu bital digitala izan daitezke, gaur egun sentsore mugikorren teknologiari esker soilik neurtu daitekeena. Denbora-tarte luze batean atsedenaldiko bihotz- maiztasunean gertatzen diren aldaketen pertsona-barneko eta pertsona-arteko interakzioaren norainokoa aztertu dugu. Hauek aldakuntza-eredu desberdinak dituzte, adinaren eta sexuaren, urte-sasoiaren, loaren batez besteko iraupenaren eta gorputz-masaren indizearen arabera.

Atsedenaldiko bihotz-maiztasunean ematen diren aldaketa hauek pertsona baten osasun aldaketa edo arazoen identifikazio goiztiarra ahalbidetu dezakete.

Gehiago itzuli