Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 04-08-2015

MARIÑEL ONTZIAK IRUDI BERRIA DAUKA GAURTIK AURRERA

MARIÑEL ONTZIAK IRUDI BERRIA DAUKA GAURTIK AURRERA


Mariñel ontziak irudi berria dauka. Proan Constantino Virtok egindako armarri berria eta estribor aldean egurra eta tratamentua nolakoa den azalean uzten duen irudiak, Hondarribiko historiaren zati den arrantzontziari merezi duen handitasuna ematen dio. Hala erakutsi dute Bentako esparruan egin den ekitaldi publiko batean SUSTRAIA bolondres taldeko kideek, Hondarribian eta bere historian arrantzak duen eta izan duen garrantzia balioan jartzeko lan egiten dutenek. Bertan izan dira besteak beste, aipatutako SUSTRAIA taldeko ordezkariak, Udaleko zinegotzi ugari Txomin Sagarzazu Alkatea buru, Ana Mari Arratibel ekitaldiaren maidiña eta bere biloba Blanca Cabezón, eta Sustraiarekin bere lanean beti prest agertzen diren beste zenbait hiritar eta ikusle ere. Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez “azpimarratzeko eta eskerteko modukoa da Sustraia taldeko bolondreses lana, ikusi besterik ez dugu ze irudi ageri duen Mariñel ontziak. Udalarentzat garrantzitsua da bertoko ondarea zaindu eta balioan jartzen jarraitzea, eta zer esanik ez itsasokoa. Itsasontzia erosi zenetik 2012an, eta aurretik ere, bolondres talde honek nahikoa lan egin du zentzu berean eta aurrerantzean ere hala segitzeko asmoa dugu hau bezalako fruituak jasotzeko”. SUSTRAIA taldearen izenean, Koldo Ortegak esan du “denon arteko lanaren batura da hemen daukaguna lortzea. Norbait aipatzekotan, besteak ahaztu gabe, Constantino Virto aipatu behar, bere emazte Ana Mari Arratibel eta biloba Blanca Cabezón-ek deskubritu baitute armarria, historia zehazki aintzat hartuta egin du armarria, lan benetan ederra eginda”. “Estriborrean egurra agerian utzi nahi izan dugu helburu pedagogiko batekin, bertatik igarotzen dutenek ikus dezaten nolakoa zen itsasontzietako egurra, benetan ikusgarria. Egurrezko azken itsasontziaren aurrean gaude” dio Ortegak. “Hondarribiaren zati handi bat arrantza da eta taldetik argi daukagu su hori piztuta mantendu behar dugula, bai Mariñel ontziarekin eta etorkizunean Bentako espazioa berreskuratzeko asmotan, oso proiektu interesgarri eta ederra baita. Udalari, ARMA PLAZA Fundazioari eta gurekin lanean egondako herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, denon arteko zerbait baita lortutakoa”.

leer más itzuli