Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 04-08-2015

UZTAILEKO OSOKO BILKURAN ONARTU EGIN DA 2014KO AURREKONTUKO KONTU OROKORRA

UZTAILEKO OSOKO BILKURAN ONARTU EGIN DA 2014KO AURREKONTUKO KONTU OROKORRA


Uztaileko Osoko Bilkuran onartu egin da 2014 urteko Kontu Orokorra, eta era berean Hiriko zenbait erakunderi diru-laguntza izendunak emateko proposamena; halaber onartu egin da %95eko hobaria aplikatzea Eusko Jaurlaritzak Muliate II proiektuan 65 babes ofizialeko etxebizitza (horietatik 33 alokairukoak) eraikitzeko Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan. Gainera, Gai Zerrendako hirugarren puntuan, zenbait gertaeren berri eman da, Kontu-hartzailetza sailak 2014 ekitaldian egindako kontrol emaitzen txosten-laburpena dela-eta 2014 urteko kontroletan antzemanak. Txomin Sagarzazu Alkateak adierazi du 2015 urtetik aurrera nahitaez egin beharreko tramite berria dela, Aurrekontu Egonkortasunaren Legea dela-eta. “Berrikuntzaren aurrean, eta ezin izan dizkiegunez taldeei aurretik azalpenak eman, Bozeramaile batzarrerako dei egin dugu oposizioko taldeekin abuztuaren 19rako; Bertan azalduko ditu kontu-hartzaileak antzemandako gertakizunak”. Proposamena ez zenez, puntu hori ez da bozkatu, baina talde bakoitzak horri buruzko azalpena eman du. Juanito Ortizek (ABOTSANITZ) zera adierazi du: “argi dugu zenbait gauza hobetu behar ditugula, batez ere pertsonal gaietan. Eta ekitaldi berrian indar handiagoa jarri behar dugu gai horretan. Lore Erriondok (EH Bildu) zera erantsi du: “Interesgarria da gertakizun horien gainean informazioa ematea, baina horiekin batera azalpenak ere eman behar dira, eta espero dugu hemendik aurrea azalpen horiek izatea”. Iosu Álvarezek honakoa esan du: "udal plantila murrizten ari denez Udala eraginkortasuna galtzen ari da, antolamendu eza dela-eta". Joxemi Ochotecok (PP) zera nabarmendu du: "enpresa batekin antolamendua aztertzen ari da Udala modu parte-hartzailean; espero dugu gero martxan jartzea". Diru-laguntzak klub eta erakundeei Era berean zenbait diru-laguntza izendun onartu dira: Judo Club Ama Guadalupekoarentzat (12.000€); Arraun Elkartearentzat (18.610€) kirol materiala erosteko; eta Azeri Arku Tiroketa taldearentzat (3.000€) belarra mozteko makina erosteko. Guztiek alde bozkatu dute aho batez. Bestetik Arrantzaleen Kofradiarako 85.100€ko diru-laguntza ere proposatu da, Hermandadea egokitzeko obrak ordaintzeko, segurtasuna dela-eta. Sagarzazu alkateak nabarmendu du “eraikin pribatua izan arren Hiriko ondarea dela, eta zenbait ekitaldi eraikinean egiten direla, besteak beste arraunlarien harrera edo Erregeen desfilea. Gainera hondarribiar askorentzat eraikina ezezaguna da, hori dela-eta Kofradiarekin batera pentsatzen ari gara ARMA PLAZA Fundazioarekin egiten ditugun bisita gidatuetan Hermandadea ere sartzea, aurretik hitzarmena sinatuta”. ABOTSANITZ taldeko Ortzi Alonsok zera adierazi du: "Ados gaude Kofradiari lagundu behar zaiola, Hondarribiko erakunde garrantzitsua baita. Baina gure ustez irizpide bat ezarri behar da, izan ere gure ustez Kofradiak kaudimena du, eta bestetik hor dugu Kalez kale proiektua geldirik, horretan inbertitu ez delako (adineko pertsonak kalera ateratzen laguntzeko proiektua da)”. EH Bilduko Lore Erriondok antzeko iritzia izan du: "erakundeekin lan egitearen alde gaude, baina gure ustez Kofradiak obraren zait bat bere gain hartu behar du". PSE-EEek gauza bera esan du, eta zera hornitu du: “Udalak erakunde pribatuekin negoziatu behar du, haiek ere zati bat beren gainean hartzeko”. Ochotecok (PP) zera adierazi du: “pozik gaude interesa duenak Hermandadea bisitatu ahal izango duelako. Interesgarria litzateke etorkizunean guztion artean arraunari eta elkarteari buruzko museo bat jartzea”. Alde bozkatu dute EAJ, PSE-EE eta PP taldeek, eta aurka bozkatu dute ABOTSANITZ eta EH BILDUk.

leer más itzuli