Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-09-2015

‘hondarribia gogoan’ martxan, bertako diseinua eta artisautza era berezian lantzeko

‘hondarribia gogoan’ martxan, bertako diseinua eta artisautza era berezian lantzeko


Abuztuan sartu berritan Hondarribian ekimen berritzaile bat jarri da martxan, bertako artisauek eta merkataritzak duten balioa azaltzeko: ‘Hondarribia gogoan’. Ekimenarekin jarraipena emango zaio azken hilabeteetan diseinu eta artisautzaren inguruan egindako lanari, eta horrez gain modu berri batean merkaturatuko dira produktuak, izan ere bertako merkataritzaren eta Hondarribiko artisautzaren arteko lotura sustatuko da. “Neguko hilabeteetan HONDARRIBIA CRAFT proiektua gauzatu zen” dio Maria Serranok, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, “eta ekimenean diseinatutako artisautza lanak baliagarriak izan dira bertako eskulanekin ibilbide bat sortzeko”. Idoia Amunarriz eta Ana Alzolak egindako lanak Salanort komertzioan (Arma Plaza) eros daiteke, Igor Obeso eta Iñaki Oiarzabalena HIGER Optikan (Bernat Etxepare), Eva D. Isla, Alberto Monroy eta Joxhe Sorondo rena Matxin Artzu kaleko Canela dendan. Martina Menkeren lana aldiz Zuloaga kaleko Casa Pascua eta Casa Pascua Hombre dendan, eta azkenik, Olga Gallego eta Santi Noainen lana Matxin Artzu kaleko Nola dendan lor daiteke. “Bost lanetan Hondarribiarekin lotutako pieza bana sortu da, eta erakutsita dauden establezimenduetan eskuratu daitezke. Proiektu honen xedea Hondarribiko establezimenduek produktu bereziak eskaintzea da, hau da, Hondarribia kalitatea eta esklusibotasuna saltzen den herri gisa azaltzea” gehitu du Serranok. “Era berean, lanean ari gara merkataritza, diseinua eta Hondarribiko artisautza elkartzeko, landutako sektore bakoitzean produktu bereziak sortzeko, honako helburuekin”: - Produktu berezituak sortu eta egoki merkaturatzea - Abangoardiako artisautza hurbiltzea - Hondarribiko artisautza ikusgarri jarri eta bertako merkataritzarekin bat eginda bere balio eta potentzial ekonomikoa azaltzea. - “Made in Hondarribia” komertzioen ibilbidea sortzea. Ildo horretan, datozen hilabeteetan ekimen eta proiektu berriak jarriko dira martxan, Hondarribiko dendetan artisautza produktu esklusiboak eskaintzeko. Era berean, ekimenean parte hartu duten 2 tailer bisitatzeko aukera eskainiko da: “Argia Badago”, Igor Obesorena, eta Menina Tailerra. “Ekimen honetan parte hartu duten establezimenduak zein izan diren jakinarazteko eskuorri bat argitaratu da, eta bertan denda horietako bakoitzean dagoen pieza azaltzen da. Eskuorriak hiriko hoteletan daude eskura, eta era berean Kirol Kaiko eta Arma Plazako turismo bulegoetan, eta ekimen honetan parte hartzen duten establezimenduetan” amaitu du zinegotziak.

leer más itzuli