Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-06-2016

HONDARRIBIKO AHOZKO EUSKARA BILDUTA ETA KATALOGATUTA SAREAN

HONDARRIBIKO AHOZKO EUSKARA BILDUTA ETA KATALOGATUTA SAREAN


Hondarribiko ahozko euskera entzun eta ikasteko euskarri berri bat bada. www.ahotsak.eus/hondarribia gunean, Udala eta Badihardugu Euskara elkartearen lankidetzaren bidez, 2011n hasitako elkarlanari bukaera emateko argitaratu gabe zeuden hiztunen 640 pasarte edo artxiboak editatu eta sareratu dira. Geratzen ziren 640 pasarte edo artxiboak editatu eta Internet bidez erakusgai daude jadanik. Horrela, sarean 54 hizlari, 94 zinta eta 1.043 pasarte ikus daitezke. “Proiektu honen helburu nagusia da Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea” esan du Arantxa Berrotaranek, Euskara zinegotziak. “Hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Horretarako, euskarazko solasaldiak egin eta grabatu egin dira herriko adineko pertsona euskaldunekin”. “Azken 50-60 urteotan izugarri aldatu da Europako eta Euskal Herriko itxura eta bizimodua, eta horrekin batera baita hondarribiarren bizitza ere. Garai hartako datu historikoak artxibo eta agirietan ditugu, baina orduko bizimodua, sentimenduak, ohiturak eta nahiak gizon-emakume horien ahotan besterik ez ditugu aurkituko” dio Berrotaranek. “Sasoi hura ezagutu zuten gazteek 80-90 urte inguru dituzte gaur egun, eta beraien testigantzak batzeko ezin da gehiegi itxaron. Elkarrizketatuko ditugun lagunak, gainera, protagonista izan ziren gure herriko kulturan, bizimoduan, politikan eta kirolean. Hortaz, asmoa, metodologia zehatza erabiliaz gerra aurrean gazte ziren haiekin hitz egin eta euren bizipenak batzea da, batez ere gehien aldatu diren sailetan sakonduaz: baserri munduko ohituretan, lanbide zaharretan, jaietan, antzinako sinesmenetan, lagunarteko eta familiarteko harremanetan, emakumearen egoeran, ume jolasetan... “Dena bideoan, euskarri digitalean, hobeto gorde dadin, luzaro iraun dezan eta erabilgarriagoa izan dadin. Gure herriaren sustraiak batu nahi ditugu, betiko galdu aurretik, gero herritar guztiei erakusteko asmoaz. Ez dugu nahi grabazio solteak egitea, Hondarribiko herriaren memoria kolektiboa jasotzea baizik” amaitu du Berrotaranek. Lan hau egin ondoren honako helbideetan dago ikusgai: www.ahotsak.eus/hondarribia http://www.hondarribia.eus/listado.asp?menu=1049&idioma=eu&padre=801&volver=1

leer más itzuli