Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 08-07-2016

UDALAK HONDARTZA INGURUA INTEGRALKI KUDEATUKO DU DATOZEN BOST URTEETAN

UDALAK HONDARTZA INGURUA INTEGRALKI KUDEATUKO DU DATOZEN BOST URTEETAN


Udaleko Osoko Bilkurak EAJ, ABOTSANITZ, PSE-EE eta PP-ren aldeko botuekin, eta EH BILDU-ren abstentzioarekin, Eusko Jaurlaritzak Udalari emandako Hondartza eta kai inguruko aparkalekuen emakida onartu du. Ramon Iribarren pasealekutik Kai Berriraino, eta Hondartza, Benta Zaharra eta Beteranoen Dartsena inguruak dira. Bilkurak 15 puntu zituen Eguneko Aztergaian eta lau orduz luzatu da. Txomin Sagarzazu, Hondarribiko Alkateak esan duenez “oso berri ona da hiriarentzat. Bost urtetako emakida da, beste bostetan luzatu daitekeena. Hondarribiko aparkaleku denak kudeatzeko aukera ematen digu, baita trafikoa ere. Koordinaziorako eta eskaintzen diren zerbitzuetarako oso garrantzitsua da. Urtero memoria ekonomiko bat egin beharko dugu eta Eusko Jaurlaritzarekin partekatu. Diru saldoa positiboa izango balitz, nahitaez aipatutako inguruetan inbertsioak egiteko erabiliko lirateke”. Emakidaren 13. Puntuan jartzen duenez, autokarabanek aparkatu ahal izango dute baina ez gaua egin. Sagarzazuk dioenez, “gai honetan badugu lan egitekorik eta denen artean egin behar dugu”. ABOTSANITZ esan duenez “gai hau Mugikortasun Mahai batean landu beharko genuke, baita hiri erditik at dauden aparkamentuen egoera ere. Gu prest gaude” esan du Ortzi Alonsok. EH BILDUk gehitu du, “badirudi orain koordinazio hobea izango dugula. Autokarabanen gaian erabiltzaile elkarteei entzun beharko genieke eta elkarrekin lanketa egin” esan du Lore Erriondok. PSEE-EE alderdiak alde bozkatu du, baina “urteroko saldoa positiboa bada, hiritarren onurarako bideratu beharko genuke, adibidez, hondartzako txartelaren prezioa jaitsiz” esan du Iosu Alvarezek. Gainera, Plenoan 2015eko Kontu Orokorra, Santiagotxo Elkarteari auzoko lokalaren erabilera baimena berritzea, POCTEFAren proposamen berria edota Hiriaren Plan Antolamendurako Planarekin lotuta dagoen txosten bat ere onartu dira. ABOTSANITZ eta EHBILDUren mozioak Amaitzeko, alderdi guztiek ahobetez onartu dute ABOTSANITZ taldearen mozioa, bidegorrien inguruan, batez ere Amute-Mendelu, Harresilanda kalea, eta eskolekin loturak aztertuz, eta bidegorrien problematika hau Agenda 21en barruan ahal den azkarren lantzeko. Azkenik, alderdi denek, PPren abstentzioak ezik, EH BILDUren mozioa onartu dute, aniztasun eta identitate sexualen aldeko adierazpen bat, LGTB kolektiboari babesa erakutsiaz. Ekainaren 28an LGTB-ren Nazioarteko Eguna da.

leer más itzuli