Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 10-10-2016

Jarduera sorta antolatu dute Bizikidetzaz Blagan ekimeneko partaideek

Jarduera sorta antolatu dute Bizikidetzaz Blagan ekimeneko partaideek


Indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketen gaiaren inguruan izan duen esperientzia hirira zabaldu nahi du Bizikidetzaz Blagan ekimenak.

Horretarako, jarduera sorta antolatu du, Hondarribiko Udalaren babesarekin, urrian eta azaroan zehar aurrera eramateko. Asteazkenetan izango dira, 19:00etatik aurrera.

Urriak 19: ZINEFORUMA. “MUJERES EN CONSTRUCCIÓN” pelikula, KULTUR ETXEAn. Indarkeria pairatu duten emakume ezberdinen testigantza izango da ikusgai.

Urriak 26: Donostia 2016 kultur hiriburuak bultzatzen duen TEATROFORUM; “¿Y TU QUÉ?” antzezlana ikusteko aukera izango da, KULTUR ETXEAn. Antzezlana Baketik elkarteak sortua da, eta eguneroko bizitzan indarkeriak eragiten dituen egoerei buruz   hausnartzen lagunduko du.

Azaroak 2: “GLENCREE DOKUMENTALA“, KULTUR ETXEAn. 2007tik 2012ra, isilpean, biktima ezberdinak elkartu eta beraien bizipenak partekatu zituzten. Dokumental honek prozesu hura azaltzen du.
Azaroak 9: TAILER berezi bat egongo da, UDALEKO PLENO ARETOAN, Hondarribian ZUK ahora! Hondarribian TÚ ahora! izenburuarekin.

Ekimenaren nondik norakoak
Motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen inguruko bizipenak partekatzeko prozesua garatzeko gonbidapena luzatu zion Hondarribiko Udalak, 2015ean, hiritarren talde bati. Udal talde politiko guztiek babestu zuten ekimena. Sentsibilitate eta lehentasun ezberdinak dituzten hainbat hiritar hasi ziren, elkarri entzuteko prozesuan: Anttoni Aginaga, Iñaki Arzak, Xabier Bengoetxea, Marilen Castillo, Trini Fernandez, Josune Elu, Mª Jesus Garin, Coro Gutierrez,  Mikel Jauregi, Ana Cristobal, Beñardo Lazkanotegi eta Koldo Ortega. EDE Fundazioko Bakeola Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideen zentroko bi kide aritu ziren saioak dinamizatzen.

2015eko apirilaren 16an elkartu ziren lehen aldiz. Gai ezberdinak landu zituzten saio bakoitzean: bizipenak partekatzeko aukera izan zuten, indarkeriaren ondorioz bizi izandako gertakizunak, eguneroko bizitzan izan duen eragina, eta aurrera begira dituzten itxaropenen, eta asmoen inguruan aritu ziren hizketan. Prozesuan adostasun batzuk izan dituzte gai batzuen inguruan, beste batzuetan ñabardurak agertu dira, eta besteetan ez dira adostasunetara iritsi. Baina gutxienez, elkar entzun dute, errespetuz eta besteen bizipenez jabetuz. Balorazio baikorra egin du Mª Jesús Garin taldeko partaideak: “Oso aberasgarria izan da. Parte hartzea handia izan da taldean”.

Esperientzia interesgarria izan denez, hirira zabaldu eta jende gehiago gonbidatu nahi dute taldera. Helburu horrekin antolatu dituzte aurtengo jarduerak. “Egin dugun sukaldeko lana azaleratu nahi dugu orain, herritarren parte hartzea bultzatzeko”, adierazi du Koldo Ortegak.

leer más itzuli