Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 10-02-2017

Bigarren urtez Udalak CardiOK programarekin bat egin du

Bigarren urtez Udalak CardiOK programarekin bat egin du


Bihotzarekin loturiko arazoak dituzten pertsonentzat zuzendua nagusiki, Hondartza Kiroldegian dagoen Osasun Kirolen bulegoetan garatzen da.

Bigarren urtez, Hondarribiko Udalak CardiOK programarekin bat egin du. Gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonentzat egindako ariketa fisikoko programa honen berri gaur eman dute Hondartza Kiroldegian egoitza duen Osasun Kirolen bulegoetan. Han izan dira Kalixa Silanes Kirol zinegotzia eta Josetxo Aramendi medikua, eta programaren erantzulea.

“Azken urteetan, geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok frogatzen dituzte ariketa fisikoaren onurak gaixotasun kronikoengan” esan du Aramendik. “Hau dela eta, funtsezkoa da entitate publikoak mota honetako programekin elkarlan egitea. Bereziki programa hauetako pazienteei ariketa fisikoa egiteko erarik egokiena erakusten zaielako, programa beraien berezitasun fisikoei moldatuz”.

“Haseratik Hondarribiko Udalaren eta Kirol departamentuaren jarrera eskertu nahi dut. Mezua oso argia da: nahiz eta egoera oso txarrean egon, inoiz ez da berandu jarduera fisikoko programa bat hasteko. Pertsonaren egoera fisikoa geroz eta txarragoa izan, geroz eta etekin gehiago atera diezaioke horrelako programa bati” gehitu du Aramendik.

Kalixa Silanes zinegotziak iaz izandako esperientzia gogoratu du. “Lehen aldiz jarri genuen martxan eta emaitza onak eman zituen. Gaixotasuna duten pertsonei dei egiten diegu programa probatzeko, emaitza onak ematen ditu eta bizi kalitatean eragingo die. Aldizkako klaudikazioa edo erakusleihoen gaixotasuna, iktusa, gaixotasun koronarioa edo bihotz gutxiegitasuna dira aipagarrienak”.

leer más itzuli