Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 07-05-2018

Apirileko Plenoak 5'67 milioi onartu zituen hainbat inbertsiotarako

Apirileko Plenoak 5'67 milioi onartu zituen hainbat inbertsiotarako


Apirileko Ohiko Osoko Bilkurak lau ordutan luzatu zen hitzorduan, besteak beste, onartu zuen 2018ko aurrekontuari lehen kreditu aldaketa txertatzea 5.672.800 euroko kopuruarekin.

Apirileko Ohiko Osoko Bilkurak lau ordutan luzatu zen hitzorduan, besteak beste, onartu zuen 2018ko aurrekontuari lehen kreditu aldaketa txertatzea 5.672.800 euroko kopuruarekin. Hortaz gain, Hondarribiko Musika Eskolari 200.000 euroko laguntza ematea, EH BILDU eta ABOTSANITZen hiru mozio, eta Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearen beste mozio bat onartu ziren. PP-ko zinegotzi den Jose Miguel Ochoteco ez zen bilkuran izan, osasun-operazio bat dela eta. Hala, PP alderdiak ez zuen bozketetan parte hartu.

Alderdi guztiek ahobetez onartu zuten Txingudi Ikastolaren inguruan sortzen diren trafiko eta segurtasun arazoak konpontzeko beste urrats bat ematea.

EAJ, ABOTSANITZ eta EH BILDUren aldeko botuekin aurrera atera zen Udal Oposizioko Jaun Buruaren arduraldi esklusiboa aitortzeko proposamena, ABOTSANITZek izango duena. Ondoren, EAJ eta ABOTSANITZen aldeko bozkekin eta EH BILDU zein PSE-EEren abstentzioekin bi Alkateorderen arduraldia handitzeko proposamena onartu zen. Jarraian, PP eta PSE-EE udal taldeen idatziak jorratu ziren, oposizioko taldeetako bozeramaleen diru-kopuruaz. EAJ eta EH BILDU aurka agertu ziren, eta  ABOTSANITZ abstenitu egin zen.

Denek ahobetez onartu zuten ere Hondarribiko Musika Eskolari 200.000 euroko dirulaguntza izenduna ematea. “Ikasturtea amaitzeko ezinbestekoa dute. Halere, justifikatu ahala kobratuko den dirua da. Gogoratu nahi dut, ekainerako izango dugula duela aste batzuk Udaletik kontratatu zen Musika Eskolaren bideragarritasun azterketa” esan zuen Txomin Sagarzazu Alkateak.

5’67 milioi inbertsiotarako
2017. urteko likidazioa irakurri ostean, 2018. urteko lehenengo kreditu gehigarrien aldaketa  onartzeko proposamena  bozkatu zen. “Ez dugu zorrik udal modura eta inbersioak egiteko gaitasuna badugu mailegurik eskatu gabe. Zerga eta tasak ez ditugu lau urtez igo eta aurten ere ez igotzeko asmoa dugu” esan zuen Txomin Sagarzazu Alkateak. “Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da, eta hori tresna izatea nahi dugu finkatua dugun 2015-2019rako Agintaldi Plana eta hor dauden proiektuei ekiteko”.

“Aurrekontuaren exekuzioan badugu lana egiteko oraindik, hori gauza argia da. Baina gogoratu nahi dut hiriarentzat oso garrantzitsuak diren hainbat inbertsio egingo direla 5’67 milioi hauekin” esan zuen Sagarzazuk.

ABOTSANITZek aldeko botua eman zuen “nahiz eta datuak ez diren errealak. Sarrerak hasieran esan baina handiagoak izaten dira, eta ez da aurreikusten dena gastatzen. Hala, aurreikuspenak ez dira betetzen”. PSE-EE alderdiak ere aldeko botua eman zuen, “nahiz eta Gobernu Taldearen kudeaketak akats asko dituen. Altxortegi-gerakina oso garrantzitsua da eta udal taldea ez da kudeatzeko gai”. EH BILDUk ez zuen bozketan parte hartu “Ogasun Batzordea astelehen goiz batean egin delako, nahiz eta jakin gu lanean gaudela eta ezin genuela parte hartu. Ezin izan genuen gure iritzia eman eta gaur ez dugu bozketan parte hartuko”.

Azken puntuetan, ABOTSANITZ kultur ekipamenduei buruzko mozioa, EH BILDUrena berdintasun plaaren inguruan eta alderdi berak pasa den larunbatean Muara Elkarteari egindako erasoa salatzeko beste mozio bat bozkatu ziren. Hiruak ahobetez onartu ziren.

leer más itzuli