Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 08-06-2018

Canned Heat eta Raimundo Amador Hondarribia Bluesen izango dira

Canned Heat eta Raimundo Amador Hondarribia Bluesen izango dira


Antolakuntzak hainbat izen aurreratu ditu giroa berotzen joateko.

Hilabete eta erdi eskas falta da Hondarribia Blues 2018 hasteko. Aurten uztailaren 12tik 15era egingo dute, eta, ohi bezala, kontzertu guztiak doakoak izango dira. Giroa berotzen joateko oholtza gainean ariko diren zenbait talderen izenak aurreratu ditu antolakuntzak. Zerrenda horretan distira berezia dute Blues Band Canned Heat taldeak, eta Raimundo Amadorrek. Lehena, historian disko gehien saldu dituen bluen taldea da; bigarrena, berriz, flamenkoa bestelako estiloekin bikain nahasi izanagatik ezaguna.

“Zorionez kalitate handiko eta inoiz baino estilo aukera handiagoko kartela errepikatu ahal izan dugu edizio honetan”, adierazi du jaialdiaren zuzendariak, Carlos Mallesek. Guztira hamahiru talde eta hogei bakarlari baino gehiago taularatuko dira Hondarribian, nazioartekoak zein bertakoak. Haietako asko batera jotzeko aukera izango da ‘Chicago’, eta, batez ere, ‘Crossroads’ sailei esker. Azken hori da, hain zuzen, ekitaldiaren bereizgarri behinenetakoa.

Chicago All Stars eta Lone Star Reviewren emankizunetara joaten denak Chicago, eta Texas eta Kaliforniako doinujole onenetakoak aditu ahal izango ditu, izan ere, tartean izango dira Jimmy Burns, Bob Stroger edota Mark Hummel, Grammy sarietarako izendatutakoa. Bestalde, Awek, Bayou Moonshiners edota JT Lauritsenek ordezkatuko dute Europa, eta Noa Volldamn & The Hell Drinkers, Still River eta Ghost Number & His Tipsy Gypsiesek, berriz, Euskal Herria.

Antolakuntzak aurkezpen ofiziala aurrerago egingo du. Orduan iragarriko dituzte Bluesaldiaren programa eta aurtengo Hondarribia Blues sariaren irabazlearen izena. Ezustekoren bat edo beste ere bai, aurreratu dutenez.

leer más itzuli