Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-10-2019

Enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak deitu ditu Udalak

Enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak deitu ditu Udalak


Hondarribiko Udalak ekintzailetzaren sustapena, eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko dirulaguntzen deialdia burutu du. Hala eman du aditzera prentsaurrekoan Maria Serrano, Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak. Izena emateko epea irekita dago BAZen eta www.hondarribia.eus gunean, eta urriaren 30ean itxiko da.

“Hondarribia Abianen planaren barnean dagoen ekimen bat da” esan du Serrano zinegotziak. “Plan honen bitartez, Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartu nahi da. Hori dela eta, pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntzan, enpresen sorkuntzari babesa ematean, lehiakortasunaren hobekuntzan eta bertako proiektu estrategikoen sustapenean lanean dihardugu”.

Testuinguru horren barnean, diru-laguntzak bi helburu dauzka: batetik, duela gutxi hasitako edo urtea amaitu aurretik hasiko diren ekintzailetza proiektuei sostengua ematea, eta bestetik, enpresei bere lehiakortasuna hobetzeko sostengua ematea.

Bi lerro desberdin
Kopuru osoa 40.000 eurokoa da, eta dirulaguntzen lerro bakoitzak 20.000 euroko kopurua izango du. Ekintzailetzari zuzendutako laguntzak, enpresa bakoitzak gehienez 1.500 euroko laguntza jaso dezake, eta lehiakortasunaren inguruko lerroan, egindako inbertsioen %50  lagundu ahal izango da, gehienez ere 3.000 euroko laguntzarekin.

Salbuespen bakarra Alde Zaharrean ematen da. Udalaren helburua gune historikoari bultzada ematea da eta hala, ekintzailetzako laguntzak 2.500 euro artekoak izango dira, eta egindako inbertsioen %70 arteko laguntza eman ahal izango da.

Deialdi hau urtero egiteko asmoa du Udalak, beti ere aurreko urteetako gastuei erantzun ahal izateko. Eskaerak egiteko aukera bikoitza da. Alde batetik, egun Javier Ugarte kalean dagoen BAZen egin daitezke, baita udal web gunean ere.

Informazio osoa: http://www.hondarribia.eus/eu/ekintzailetzaren-sustapenerako-enpresa-lehiakortasuna-hobetzeko-dirulaguntzak

leer más itzuli